Aupa laguna!

EUSKARALDIA atarian dugu jada eta oso gogotsu gaude 11 eguneko ariketa sozial eder honi ekiteko ezta?

Hainbat eta hainbat lagunek hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko konpromisoa hartua dugu jada, artean ia 1500 santurtziarrek ere bai, eta dudarik ez dugu azaroaren 23an ekimenari hasiera eman baino lehen asko eta asko izango direla bide beretik joko dutenak. Sare zabal-zabal eta kolore askotakoa josten ari gara, bai horixe!

Eta ekimenaren hasiera atarian dugunez, heldu da unea asko eta asko irrikan zutena, txapa banaketa, hain zuzen! Ahalik eta modu erosoen eta antolatuen egiteko, bi tokitan banatuko ditugu txapak, Udal Euskaltegian (Barandiaran 12) eta AEK Euskaltegian (Dr. Fleming 17). Banaketa hilaren 19an, astelehenean, hasiko da, eta hilaren 23ko eguerdira arte iraungo du. Goiko irudian ikus dezakezunez, ordu tarte jakin batzuk izango dituzu txapa hartzeko: Udal Euskaltegian 08:00etatik 20:00ak arte eta AEK Euskaltegian goizeko 11:30etatik 14:00era eta 17:00etik 19:30ak arte.

Beraz, etor zaitez, hartu zure txapa eta eutsi goiari! 11 eguneko ekimen ederra hasteko prest dago-eta!